Jesusa Iragi 1951ko greban



Erlantz Urtasun


Kaixo, hi!
Zer gisa?
Ene aldeik, laugarren gutuna.
Hau dun hau, nork errain, iaz nahi gabe bat, udaberri huntan ustekabean bigarrena, hirugarrena, eta udazkenaren hasieran hau…
Edonola ere, aurrekoari lotu behar edo. Egun Jesusa Iragiren historiarekin jarraitu nahi baitinat, baakin, udaberrian errana, la Mirentxu, Maixux Iragiain kondakizuna.
Errepublikaren amaieran jaio hunan, eta kasu, oraindik bizi baitun. Alabak tin, baita biloba uskaldunak ere.
Hogeita hamaseia eta gero ehungintzan, erdarazko textil sektore ezagunagoan, aritu hunan, bertze amatxi batek errana, lankideak baihitunan.
Hamabortz urte edo bazinala ekin zionan lanari, bon, lana baino, beharra, prefosta, iruinalaba proleek bertze erremedioik ez baitzinaten…
Hau eta bertze aipatu ninan udaberrian. Orain, baina, jauzittoa egin eta, berriz ere Jesusa bidelaguna, 1951ko greba orokorra izain dinagu gure artean. Garai hartan, erran beharrik ez zagon, gure neskatila lantegi gaizto haietan ari hunan oraindik, ezkontzekotz urte batzuk falta baitzitinan.
Badun, eta greba hartaz ari gaitunelaik, gertaturiko eztanda bortitzaz mende erdia igaro dun jadanik. 1951, bai, sei urte pasata dagoeneko karlisten matxinadak porrot egin zinanetik. Orduan, 1945ean, II. Mundu Gerra amaitu berria hunan eta abenduaren 3an, San Frantzisko Xabier, Nafarroaren egunean, karlistek armak hartu zitinaten haiek beraiek hasieratik altxaturiko frankismoaren aurka, hondarrean ohartu baihitunan (bahunan garaia, kojonian) gezurretan bizi hitunala. Espainiar armadak, halere, bertzelako iritzia zinan eta haren zalditegia, ezpata eskuan eta ibili munduan, Gazteluko Enparantzan sartu hunan a la carga, karlisten barrikadak deuseztuz. Hildakoak eta zaurituak, hamaika. Karlisten erabakia, agi dunenez, berant. Hagitz.
Bon, baina 1945ean Jesusa hamar bat urteko haurra hunan eta ez hunan soberaz enteratu. Haatik, 1951n, bai, erran bezala langilea baihunan. Harirat.



Hobe dinagu gu mintzatzea baino, eta Jesusaren testigantza plazaratu aurretik, berze kronikari baten hitzak mahaigaineratzea, Jose Maria Baroga goitizenaz jantzi hunan gizonarenak, hogei urte beranduago karrikaraturik eta hiretako hemen euskaraturik, nahiz eta erdarazko orijinalaren indarra, barkaidan, itzulpen bidean galdu:
«Greba horren ezaugarri nagusia kemena izan zen, bortizkeria eta atxilotu kopuru burugabea. Deus guti ulertzen ahal da, naturala denez, egunkariak irakurtzean. Zentsura ororen gainetik zegoen, eta haren irizpidea, inposatzen zena. Haatik, leloaren gisa, ipurdia airean geratzen zaio. Izan ere, eta greba astelehenean hasi arren, ortzegun arte ez dago horren albisterik, eta egun hartan makina bat gizon sendagintzaren larrialdietarat joan direla ageri da, haien artean balaz zauriturikoak ere bai. Zer gertatu da, hortaz, hain hiri baketsuan suzko armen ondorioak bertzerik ez atzemaiteko?»
Alta, 1951ko maiatzaren hasieran, Iruñean, leihotik ikusten hunana, denek zekitenana, prentsan ez hunan ageri. Hiri osoa hankaz gora eta, bai, baakin zein egunkaritan, maiatz zizak edo agertuko hitunan, fijo, ziur, argazki eta guzi, kilo erdiko ziza bat Donezteben edo…
Jose Maria Baroga idazleak, halere, ezin isildu, bereari eutsi: «Behin behineko espetxeaz ere ez da deus ere aipatzen egunkarietan. Baina zezen-plazan bazen espetxe bat egun latz haietan, eta bertarat eraman zituzten Iruñean matxinaturiko 600 lagun baino gehiago. Agenteen errepresioa neurrigabekoa zen. Eskerrak oraindik iruinsheme-iruinalaben umorea ez den itzali, eta jendeak ospatu zuen atxilotuen artean udaltzainak ere izaitea! Ez, egunkarietan ez dago deus topatzerik, baina memoria dut, eta ederki oroitzen naiz…».
Hori guzia gertatu hunan 1936koa eta soilik 15 urte berantago. Ikaragarria. 300 fusilatu baino gehiago, iheslariak, presoak, eta, oraindik ere, Iruñeko jende xumea berriz ere borrokarako prest. Nola ulertu? Klima, elikadura edo, baakin…
Pinotxet jaunak ez zinan deus asmatu, garbi zagon, bakarrik ongi ikasirikoa praktikan jarri. Unea dun, jada, Jesusari tartea egiteko. Berak eni errana, grebako antolatzaileak gazte abertzale koadrila batzuk izan hitunan, gatazkaren aitzakia Amaia karrikako Azoka Berriko arrautzen prezioaren igoera izan arren. Abertzale horiek, prefosta, ihes egin zinaten, hainbatek duela urtebete Nabarra-n bertan aipatu ninan Maria Beroitz anderearekin Venezuelako Caracas hiriburuan elkartzeko.
Greba horren ezaugarri nagusia kemena izan zen, bortizkeria eta atxilotu kopuru burugabea. Deus guti ulertzen ahal da, egunkariak irakurtzean
Arrautzak zirela medio, dena den, etxekoandreek, antza, azoka tikitu zinaten, handik ondoko gobernu zibilerat joaiteko. Dozenaka emakume bertaratu eta gobernadoreari abestu ziotenan: «Valero, Valero, sal un poquito al balcón». Halaber, bahunan, modan, erdarazko kanta bat, Mi casita de papel izenekoa, eta horrela abesten zinaten andereek, bertsoa pixkat moldaturik: «pasaremos más hambre que nunca, por culpa del señor gobernador».
Zenbat jende bildu hunan Alde Zaharreko karriketan? Milaka. Ilara estu-estuetan babesturik. Beitu, autoak oraindik guti-guti hitunan. Badun, eta Jesusaren pasadizu baten arabera, auto bat geratu hunan galga sakatzeke, gidaririk ez, bide erdian, eta manifestaldi jendetsua handik pasatzean, karrikan barna eraman zinaten ohartu gabe. Bat-batean, «ei, aibadios, auto hau arrastaka eramaiten ari gaitun!», eta bazterrean utzi.
Orduko Euskal Jai frontonan, gero gaztetxea, orain auskalo, hasiera batean poliziek gibelerat jo eta, Alde Zaharretik irten hitunala, jendea bildu eta La Internacional abestu zinaten. Ondoren gobernu zibilerat joan hitunan berriz ere, manifestaldian, baina bertan goardiazibilak hitunan esperoan, pila bat, lerrokaturik, lehen ilara belauna lurrean paraturik, bigarrena haien gainetik…
Tiro egin zinaten gupidarik gabe. Jesusak oroitzen din: «Fue terrible, el estruendo de las descargas, como se desplomaba la gente, el miedo, correr, correr…». Iruñea, 1951.
Espainiar soldaduz beteriko kamionak etorri hitunan. Karriketako izkin bakoitzean baten bat paratu zinaten, fusila eskuetan. Eta etxez etxe sartu hitunan jendearen bila, aste luzez. Arrautzen prezioa ez zinaten jaitsarazi, jakina. Amadeo Marcoren esaldia gobernadoreari: «Egoera hau konpondu nahi duzula diozu? Jendeari jaten emaiozu!».
Gobernadoreak errana: «Sólo hemos disparado al aire para dispersar la multitud». Jesusa Iragi, bere aldetik, ez hunan berriz ongi ibiliko, bala batek hanka larriki hautsi zionalakotz. Baina ez pentsa, maitia, horrek badin mami gehiagorik. Hurrengoan izanen.
Muxurik goxoena hiretako, laztana, eta laster arte!