1914ko Gabonetako miraria

Nagore Irazustabarrena
argazkia
argazkia

Ypres (Belgika), 1914ko abendua. Alde batean soldadu alemaniarrak, bestean ingelesak, frantziarrak eta belgikarrak, lubaki gerra krudelean ari ziren. Ipar Itsasoaren eta Suitzako mugaren arteko frontea geldirik zegoen, ez atzera ez aurrera. Bazirudien alemaniarrek aurrera egingo zutela, baina orduan Parisko 6.000 taxik 30.000 soldadu eraman zituzten frontera, indarrak orekatzeko.
Ypreseko zelaiak izoztuta zeuden, eta lubakien arteko gorpuak elurrak estalita. Ez ziren ausartzen hildako gazteen arrastoen bila joaten, etsaien tiroen beldur. Gerra Handia abuztuan hasi zen eta dagoeneko hasierako berotasunak eta gogo biziak joanak ziren.
Gabon eguneko goizaldean alde bietako soldaduak beren armak lurrean uzten hasi ziren. Une horretan bertan idatzitako kartoizko kartelak erakusten hasi ziren han eta hemen: “Merry X-Mas” zioten batzuek, “Frohe Weihnachten” besteek, edo “We not fight, you no fight”, ingeles kaxkar baina argian.
Ausartenek lubakia utzi zuten eta inork ez zien tiro egin. Berehala beste guztiak irten ziren. Lehenik, hantxe botata hainbat astez egondako gorpuak ehortzi zituzten denek batera. Iluntzean Gabonetako pinu modukoak prestatu zituzten, argi eta guzti, eta gabon kantak abesten aritu ziren, bakoitza bere hizkuntzan.
Biharamunean, Eguberri egunean, opariak trukatu zituzten, familiaren argazkiak erakutsi zizkioten elkarri eta bi egun lehenago gudu zelaia zena, futbol zelai bihurtu zuten zenbait orduz. Batzuk besteen lubakietara joan ziren, elkarrekin jateko, edateko edo kartetan eta xakean jokatzeko.
Ofizial asko ere elkartu ziren eta berehala erabakia adostu zuten: gerra amaitu da.
Baina bakea ez zen negozioa gudu-zelaitik urrun, beren bulegoetan, bero-bero zeuden gerraren jaunentzat. Eta biharamunean, bakoitza bere lubakian, elkarri tiroka ari ziren berriro.
Askorentzat Gabonetako mirariak existitzen direla frogatzen du 1914an Belgikako lubakietan gertatutakoak. Baina zerbait erakustekotan, 48 orduko mirari horrek ezertxo ere ez zuela aldatu erakusten du. Gerrak beste lau urte iraun zuen eta hamabost milioi pertsonatik gora hil zituen.