Orratzetatik zintzilik

Nagore Irazustabarrena
argazkia
argazkia

www.cinemaisdope.com

Londres, 1859ko irailaren 7a. Westminsterreko dorreko erlojua martxan jarri zuten. Orduan munduko erlojurik handiena eta zehatzena zen eta oraindik planetako ezagunenetakoa da. Big Ben esan ohi zaio, baina izen hori okerra da, Big Ben, berez, hamahiru tonako kanpaiaren izena baita. Askok uste dute erloju horrek erabakitzen duela zer ordutan bizi garen, baina hori ere ez da zuzena: Parisko Pisu eta Neurri Bulegoak du 50 herrialdetan ordu ofiziala zehazteko ardura.
Londresen bertan, Zientzia Museoko kontserbatzaileek erloju moderno baten irudirik zaharrena topatu zuten, joan den urrian, non eta 1560ko margolan batean. Baina eguneko zer unetan gauden jakiteko grinak 450 urte baino gehiago ditu.
Denbora neurtzeko modurik errazena eguzkiari erreparatzea izan zen Historiaurrean eta Antzinaroan. Baina, zer egin gauez, eguzkirik ez denean? Egiptoarrek klepsidra izeneko urezko erlojuaren bidez gainditu zuten oztopoa. Klepsidra zeramikazko ontzia zen, oinarrian zulo bat zuena; zulotik likidoa abiadura jakinean irteten zen, aurrez ezarritako denbora tartean. Erromatarrek kandelak erabiltzea nahiago izan zuten: kontsumitutako kandela puska bakoitza gauaren zati bati zegokion. Harea erlojuen jatorria, berriz, ez da ezaguna. Batzuek diote erromatarrek asmatu zutela, baina Erdi Arora arte ez zen nagusitu. Dena den, Erdi Aroan tramankulu mekaniko konplexuagoak asmatu zituzten ordua zehazteko. Eta Galileoren ekarpenei esker lehenengo pendulu erlojua asmatu ahal izan zen.
Ordulariak industrializazioarekin batera mekanizatu eta unibertsalizatu ziren. Lan erritmo berrian, ez zen aitzakiarik lanera berandu iristeko. Baina eskumuturrean lotutako erlojuak ez ziren XX. mendera arte iritsi. Alberto Santos Dumont hegazkin pilotu brasildarrak egin zuen lehena, eta Cartier etxeak merkaturatu.
Egun, erlojuak nonahi dauzkagu eta denbora neurtzeko obsesioa absurduraino eraman dugu zenbait kasutan: Long Now izeneko fundazioa datozen 10.000 urtetan zehaztasun osoz funtzionatuko duen erlojua diseinatzen ari da.